2.8.2. Eskumen banaketa EAEn
EAEren administrazio eraketa berezia dela-eta, aztertzen ari garen gaian dagoen eskumen banaketa labur aipatu behar da.
EAEk, Konstituzioko 148.1.20 eta Autonomia Estatutuko 10.12 artikuluen arabera, bereganatuta dauka, esklusiboki, gizarte laguntzari buruzko eskumena. Halaber, erkidegoaren garapenari, berdintasunari, eta haur, gazte eta adinekoei buruzko politikari dagokienez, EAEk eskumen esklusiboa dauka, Estatutuko 10.39 artikuluaren arabera.
Eusko Legebiltzarraren Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak AMALeko 14. artikuluak ezarritako prestazioak aurreikusi eta euskal gizarte zerbitzuen sarean sartzen ditu; bai lehentasunezko zerbitzuak –15. artikuluan zerrendatuak eta 21 eta 25 artikuluen artean zehaztuak–, bai prestazio ekonomikoak[26].
Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko harremanei buruzko Eusko Legebiltzarraren azaroaren 25eko 27/1983, Legeak[27] azkenei ematen die, euren lurraldearen barruan, erakunde komunen gizarte laguntzari buruzko eta erkidegoaren garapenari, berdintasunari, haur, gazte eta adinekoen buruzko politikari dagokienez erakunde komunen legedia egikaritu beharra, Euskal Herriko erakundeek gai haietan duten ekintza zuzena kaltetu gabe (7.c 1 eta 2 artikulua). Eskumen exekutibo horietan euren zerbitzuen antolamendua arautzeko ahalmena, ahalmen administratiboa –ikuskapena barne– eta bide administratiboan ikuskatzeko ahalmena sartzen dira.
Gizarte zerbitzuei buruzko eginkizunak ezartzeko Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 30eko 155/2001 Dekretuko 3. artikuluaren arabera, mendekotzat jotako pertsonenganako arreta eta zaintza foru aldundiei legozkieke, eta haiek bermatu behar lukete talde jakin horrentzako zentroak eta zerbitzuak egotea.
Aipatu Gizarte Zerbitzuen Lege berriak, III. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren eskumen, antolamendu, kontsulta eta parte-hartzearen araubidea ezartzen du, eta herri-administrazioek gizarte-zerbitzuen arloan dituzten eskumenak (39 artikulutik 42ra) eta administrazioen arteko lankidetza– eta koordinazio-organo eta –prozedurak zehazten ditu, hala Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemarako nola gizarte-ongizatea xede duten beste sistema eta politika publiko, kideko edo osagarri batzuekiko harremanetarako.
Laburbilduta, Eusko Jaurlaritzari gizarte zerbitzuei buruzko lege ekimenaren erabilera eta arautzeko ahalmena; EAEn haien plangintza orokorra egitea; bere ekintza zuzenean sartutako prestazioak eta zerbitzuak ematea eta sistemaren koordinazio orokorra esleitzen dizkio, EAE osoan prestazio eta zerbitzuen garapen orekatua bermatzeko xedez; foru aldundiei, ordea, bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuak ematea (22.2 artikulua) eta planifikatzea eta zerbitzu horien antolamendua arautzeko ahalmena esleitzen dizkio.
Bilbe horri EAEko udalek gizarte zerbitzuei buruz dituzten eskumenak batu behar zaizkio: oinarrizko gizarte zerbitzuen eta lehen mailako arretako gizarte zerbitzuen kudeaketa, Eusko Jaurlaritzari dagokion telelaguntza zerbitzua izan ezik. Horrela xedatzen dute, 20.000 biztanletik gorako udalei dagokienez, Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2 k) eta 26.1 c) artikuluek, gizarte zerbitzuei buruzko eginkizunak ezartzeko Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 30eko 155/2001 Dekretuko 4. artikuluak eta Gizarte Zerbitzuei buruzko Eusko Legebiltzarraren abenduaren 5eko 12/2008 Legeko 42. artikuluak.
Aipatu Gizarte Zerbitzuen Legeko 23. artikuluaren arabera, "Eusko Jaurlaritzak, gizarte zerbitzuari buruzko eskumena duen sailak proposatuta eta gainerako euskal herri administrazioekin koordinatzeko eskumenak erabiliz, Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Organoaren bidez (...), arestiko artikuluan araututako Prestazio eta Zerbitzuen Katalogotik abiatuta, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzu Zorroa prestatuko du".
Zorri hori arautzen duen lege garapeneko dekretuak "–gutxienez– honako alderdiak zehaztu beharko ditu:
– Zerbitzuen kasuan:
a) Zerbitzuaren ezaugarriak: izena eta definizioa, egituratzen dituen prestazio teknikoak zehaztuz.
b) Zerbitzu modalitateak, egonez gero.
c) Zerbitzuaren helburuak eta zer premiari erantzuten dien.
d) Zerbitzua eskuratzeko betekizunak eta prozedura eta, hala balegokio, egituratzen dituen prestazioak, zerbitzuaren hartzaileen ezaugarriak eta, hala dagokionean, prezio publikoa edo tasa ordaintzeko baldintzak barne.
e) Zerbitzua eteteko edo amaitzeko zioak eta prozedura.
– Prestazio ekonomikoen kasuan:
a) Izena eta definizioa.
b) Helburuak eta zer premiari erantzuten dieten.
c) Zenbatekoa.
d) Eskuratzeko betekizunak eta prozedura, eta hartzaileen ezaugarriak.
e) Jasotzeko baldintzak: ordainketen maiztasuna edo bestelakoak.
f) Prestazioa amaitzeko arrazoiak".
12/2008 Legeko lehen xedapen gehigarriak urtebeteko epea ematen zion Eusko Jaurlaritzari, indarrean sartu zen datatik zenbatzen hasita, EAEko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroaren Dekretua onartzeko. Txosten hau ixteko datan dekretua ez da argitaratu.
Hiru foru aldundiek, aipatzen genuen arautzeko ahalmena erabiliz, zenbait tresna juridiko eman dituzte. Haien bidez, batez ere, mendetasuneko egoera onartzeari eta AMALek jasotzen dituen prestazio ekonomikoei buruzko kontuak arautu dute.
Zerbitzuei dagokienez, EAEko ezarpenak ibilbide luzea dauka eta ez du arau aldaketa garrantzitsurik eskatu AMALeko manuetara egokitzeko.
[26] EUSKADIKO AHOLKULARITZA JURIDIKOAREN BATZORDEA. 97/2008 Irizpena, maiatzaren 22koa, Gizarte Zerbitzuen Lege aurreproiektuko 106/2008 kontsultari buruzkoa [lerroan]. Gasteiz: Justizia eta Herri Administrazio Saila, 2008. http://www.jusap.ejgv.euskadi.net/r47-home/eu webgunean eskuragarri.
[27] Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak (LHL) eskumen banaketaren barneko esparrua eta Euskal Herri barruko erakunde mailen artean baliabideak finantzatzeko eta banatzeko tresnak ezarri zituen.
Euskal Herriko erakunde publikoen artean banatu beharreko baliabideak Kontzertu Ekonomikoaren kudeaketatik eratorritakoak dira, Estatuari kupo gisa ordaindutako zenbatekoa kendu ondoren.
Baliabide horiek indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera erakunde komunak eta lurralde historikoetako foru erakundeak titular diren eskumenak edota zerbitzuak aintzat hartuz banatuko dira. Erakunde komunen eta foru erakundeen arteko baliabide banaketa horri banaketa bertikala deritzo.
Zerga itunduen bilketa, Kontzertu Ekonomikoaren arabera, foru aldundiei dagokie. Hori dela-eta, Euskadiko Ogasun Nagusiranzko finantza-fluxuak, ekarpenak deritzenak, egon behar dira, foru aldundi bakoitzak Euskadiko aurrekontuko gastuei egindako ekarpen.
Ekarpen hori, oinarrian, lurralde historiko bakoitzeko errentaren proportzio zuzenean erabakiko da, eta lurralde historiko bakoitzaren ahalegin fiskalaren eta autonomia erkidego osoaren batez besteko ahalegin fiskalaren arteko aldearen alderantzizko proportzioa eginez balioetsiko da. Lurraldeen arteko ekarpenen banaketari banaketa horizontala deritzo.
Baliabideak banatzeko eta lurralde historiko bakoitzak Euskadiko Ogasun Nagusiari egin beharreko ekarpenak kalkulatzeko metodologia gutxienez hiru aurrekontu ekitalditarako onartu behar da.
Martxoaren 23ko 2/2007ko Legeak, baliabideak banatzeko eta foru aldundiek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak kalkulatzeko 2007-2011 aldian aplikatu beharreko metodologia onartu zuen.
Bestalde, finantza fluxuak egongo dira foru aldundietatik tokiko ogasunetara, udalek Kontzertu Ekonomikoaren kudeaketatik datozen baliabideetan parte hartzen dutelako. Lurralde Historiko bakoitzeko banaketa batzar nagusietan onartutako foru arauek arautzen dute. Finantzaketa horrek tokiko zergen kudeaketatik datorrena osatzen du. Tokiko zergen araudia ere lurralde historikoetako batzar nagusiek onartzen dute, Kontzertu Ekonomikoaren arabera (EKONOMIA ETA OGASUN SAILA. Baliabideen banaketa Euskal Herriko erakundeen artean [lerroan] Hemen eskuragarri: http://www.euskadi.net/r33-2220/eu).